EUSKALDUNON EGUNKARIA, 1999/09/14
Mobilizazio ugari antolatu ditu Batera-k euskal presoak Euskal
Herriratzeko
Batera plataformaren batzorde iraunkorrean izango dira Lizarrako alderdiak
etaELA eta LAB sindikatuak . Abenduaren 31n manifestazioak egingo dira
Euskal Herriko herri guztietan, arratsaldeko zortzietan hasita . Dekalogoa
plazaratu du batzorde iraunkorrak, eta gaurtik aurrera atxikimenduak
lortzeko kanpainari ekingo dio
Felix Iriarte / Gasteiz. - URTEA amaitu bitartean makina bat mobilizazio
egingo dira Euskal Herriko herri eta txoko guztietan, presoak Euskal
Herriratzeko. Hala erabaki zuen atzo Batera plataformak Gasteizen egin
zuen batzarrean, eta mobilizazioen egutegia zehaztu zuen, halaber.
Bihar ekingo zaio hilabete eta erdiko Ğesprintariğ, Xabier Euzkitze
plataformako eledunaren hitzak erabilita. Gipuzkoako Foru Aldundiaren
aurrean 15 minutuko elkarretaratzea egingo da. Bizkaiak hartuko du lekukoa
astebete geroago, eta beste 15 minutuz bilduko dira Diputazioaren aurrean.
Azaroko txanda Arabako Foru Aldundian amaituko da, 29an.
Hilero ostiral bat hautatuko du Batera-k Gasteizko Legebiltzarraren
aurrean biltzeko. Oraindik azaroko ostirala zehaztu gabe dago. Abenduko
egutegia ez dago erabat eratuta: 9an edo 10ean Nafarroan egingo da
kontzentrazioa, Gipuzkoan 13an, Araban 27an eta berriro Nafarroan
abenduaren 30ean. Hala ere, non egingo diren ez da argitu. Baliteke
diputazioen aurrean egitea, edo, bestela, bakoitzak bere udaletxearen
aurrean.
Erakundeen aurreko mobilizazioez gain, herrietan ere izango dira. Lehena,
datorren ostiralean, azaroaren 19an. Arratsaldeko zortzietan da hitzordua,
eta herri bakoitzak erabakiko du non bildu. Abenduaren 3an eta 17an ere
kontzentrazioak egingo dira herri guztietan. Mobilizazioen Ğesprintağ
Gabon zahar egunean amaituko da, egun horretan manifestazioak egingo
baitira Euskal Herriko herri guztietan.
Batera plataformak, gainera, batzorde iraunkorra eta bozeramaileak
izendatu zituen, eta bere egiten dituen printzipioak dekalogo baten bildu.
Batera-ko batzorde iraunkorra
Ondoko hauek osatzen dute Batera-ko batzorde iraunkorra:
Joseba Egibar
(EAJ)
Rafa Larreina (EA)
Jone Goirizelaia (EH)
Tomas Garcia (IU-EB)
AB (izendatzeke)
Tomas Karrera (Senideak)
Juan Mari Olano (AAB)
Santi Ugarte (ELA)
Jesus Mari Gete (LAB)
Patxi Bisquert (bozeramailea)
Xabier Euzkitze (bozeramailea)
Euskal presoen eskubideen alde
- Printzipio humanitarioekin zein gizakien eskubide eta askatasunekin
dugun konpromisoa aldarrikatu nahi dugu.
- Askatasunik gabe dauden pertsonek ere badituzte eskubideak, testuinguru
edo interes politikoen araberako negoziaketa edo trukean erabil ez
daitezkeen eskubideak. Giza eskubideak osotasunean errespetatu behar dira.
- Presoek euren gizarte eta familia ingurunetik hurbilen dauden
kartzeletan, Eskal Herrikoetan, egon behar dutela aldarrikatzen dugu behin
eta berriz.
- Indarrean dagoen kartzela politikak zentzuna, legedia eta printzipio
humanitarioak zapaltzen ditu. Horrez gain, inpunitateari eta giza
eskubideen urraketari bide ematen dioten kontrol judizialaren hutsuneak
ere sortzen ditu.
- Kartzela politika agindu humanitarioei zor zaien errespetu ezaren
lekuko garbia dugu. Hori, batik bat, baldintzapeko askatasuna lortzeko
epeetan sartu diren eta gaixotasun sendaezinak dituzten presoen kasuan
gertatzen da. Legedi hori, behin eta berriro, sari, zigor, testuinguru eta
interes politikoen arabera ezartzea salatzen dugu. Frantziar estatuan
kartzelaturik dauden euskal presoen kasuan, euren zigorra bete orduko
burutzen diren entrega polizialen eta espultsioen aurkako jarrera
adierazteaz gain, hautatzen duten lurraldean bizitzeko eskubidea exijitzen
dugu.
- Euskal gizarteak adierazi du gatazka politikoa humanizatzearen alde
dagoela, eta kartzela politika ezartzerakoan legea errespetatu egin behar
dela. Espainia eta Frantziako Gobernuek jarrera horri erakusten dioten
mesprezua azpimarratu beharrean gaude (...). Espainia eta Frantziako
Gobernuei, euskal gizartearen nahi demokratikoa eta askatasunik gabe
dauden pertsonen giza eskubideak errespeta ditzaten eskatzen diegu.
- Kartzela politika honen aplikazioa are larriagoa da gure herrian bake
eta konponbide demokratikoen esperantza egia bihurtzen ari den egunotan.
Espainia eta Frantziako Gobernuen kartzela politikak, gizakien
duintasunari erasotzeaz gain, samin, haserre, krudeltasun eta mesfidantza
besterik ez du sortzen.
- Gure ustez, zabalduriko prozesuan, euskal presoen inplikazioa
elkarrizketaren, negoziaketaren eta letozkeen akordioen elementu pizgarria
da.
- Gatazkaren humanizazioaren eta berradiskidetzearen aldeko konpromiso
gogotsua adierazten dugu. Horrek, gatazka politikoak eragin duen
bortizkeriaren emaitzak jasan dituzten eta jasaten ari diren guztien
samina modu eraginkorrean geureganatzen eta gainditzen lagunduko digu.
Gure herriak eskubide osoz lortu nahi duen etorkizun demokratikoarekin
konpromiso gogotsua ere adierazi nahi dugu.
- Helburu bikoitza dugu: batetik, egungo kartzela politika salatu eta
euskal presoen eskubideak berma daitezen erdiestea. Bestetik, giza
eskubideekiko konpromisoak ahalik eta alor eta pertsona kopururik handien
eta anitzena modu gogotsuan bil dezan lortzea.
 |
 |